XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Traperoak poltsikotik hortzetan ibiltzeko tabako pusketa zikin bat atera, hautsa kentzeko putz egin, hortzakada bat bota eta Jacksoni eskaini zion.

Jacksonek ezezko aitzakia eman zion eskaintza hari.

Traperoak, berriro, pusketa poltsikoan sartu, uhalei eutsi, ozta-ozta astindu eta hasperen batez esan zuen:

- Arre, Jebusite.

Jebusitek aurrera egin zuen, izar-herrian flotean ariko balitz bezala.

Traperoa gidatuz joan zitzaion, basamortuan matxuratutako tankeen pare pilaturik zeuden aparkatutako patruila-autoen tartetik.

Beherago, kalean behera, herritarren autoak lerrotan pilatuz zihoazen, etenik gabe, alde guztietatik zetozen kuxkuxeroak zirela medio.

Trumoiaren pare zabaldu bait zen auzo osoan zehar, txakur zuria garbitu zuteneko hotsa.

Traperoak ez zuen txintik ere esan harik eta bost etxesail atzean utzi arte.

Orduan galdetu zuen:

- Hik egin al duk?

- Egin, zer?

- Txakurrari pasaportea eman.

- Nik ez dut ezer ere egin.

- Orduan, zergatik atera dituk hankak?

- Ez dut nahi horien atzaparretan erortzerik, besterik ez.

Traperoak onartu egin zuen.

Harlemgo beltzek ez bait dute gogozko poliziaren eskuetan erortzea, zerbait egin badute eta ez badute ere.

- Eta neuk ere ez -esan zuen.

Tabako kutsua zeukan ixtukada bat bota eta eskuzorroaren ertzarekin lehortu zituen ezpainak.

- Soberan dirurik ba al duk?